Ana səhifə

Literatura kurdua


Yüklə 27.5 Kb.
tarix27.06.2016
ölçüsü27.5 Kb.
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2007-11-04&orria=042&kont=010

2007-11-04 523 hitz



Literatura kurdua

Kurduerak hogeita bost milioi hiztun baditu, eta hiru dialekto nagusitan bananduta dago. Haietako garrantzitsuena, mintzatuena alegia, iparraldeko kurduera da, kurmandji izena hartzen duena.

Angel Erro

Turkiako kurduek, besteak beste, erabiltzen dute kurmandjia, literatur hizkuntza bat ere sorrarazi duena. Sorani dialektoak ere literaturarako bidea ezagutu izan du.

Mendeetan jakintsu kurdu askok arabieraz, pertsieraz zein turkieraz idatzi izan dute, elite intelektual preziatua osatuz. Ibn al Assir XIII. mendeko arabierazko historiagile kurduak hala seinalatzen du. Pertsieraz idatzi zutenen artean Chereff Khan printzea, Bitlis-eko printzerriaren subiranoa, nabarmen daiteke, XVI. mendean Kurduen Herriaren Historia burutu zuena, Erdi Aroko iturri historiografiko ezinbestekoa gaur.

Lehen olerkari kurdu ezaguna Eli Heriri (1425-1495) da, bere poemetan nagusiki ibiltzen dituen gaiek hainbat herkidek ere urteetan berrartu izan dituzte: herriarekiko maitasuna, naturaren ederra, neskatilen xarma. Kurduerazko lehenbiziko lan literario ezagunak data horretakoak dira, XVI. mende bitartera, hain zuzen, otomandar eta pertsiar auzokideen sendotze eta finkatze garaian.

Garai hartako poeta ezagunena Ehmed Nishani da, Melaye Djeziri goitizenekoa. Bi mila bertso lerrotik gorako bere lan poetikoa, inguruko literatur kultura arabiar-pertsiarraz blaitua, kurduen artean oraindik da goraipatua eta ospetsua.

Djeziriren merituren bat eskola bat sortzea izan zen, bere bidaia anitzetan, dizipulu asko bereganatuta, beraren hizkuntza hartu zutelarik eredutzat, hizkuntza literario baten abiapuntu. Garai horretakoa ere ospe handia lortu du Ehmedi Khani-k, 2.650 distikoko Mem o Zin poema luzean, kurduen burujabetza aldarrikatzen lehen olerkari handiak.

XIX. mendean otomandar inperioaren barruan krisi latza sortzen da, inperioa osatzen duten herrialdeek bereiztera jotzen dute. Kurduen mugimendu nazionala garatzen hasten da, oso motel. Garai hartan egileek gaiak eta irudiak pertsiar tradiziotik hartzen dituzte, kutsu erlijioso eta mistiko handiko obretan sinboloen erabilera zein bertsoaren doinua zaharberritzen dute. Hala ere, poeta abertzale eta lirikoek arrakasta handiena lortzen dute, denborak aurrera ahala. Kurduerazko prentsaren agerpena ere mugarri bat da, adierazpen politiko zein literarioaren bidean. 1898an, Kairon, Kurdistan aldizkaria sortzen da.

Lehen Mundu Gerraren ondorioek kurduen egoera guztiz aldarazi zuten. Protektoratu ezberdinen legediaren menpe geratzen da beraien hizkuntza eta beraien kultura eta literaturaren praktika. Britainiar agintaldipeko Irak, gutxiengo kurduari kultur eskubide minimo bat ahalbidetzen ziona, kurduen bizitza kulturalaren gune bilakatu zen 1920. urtearen inguruan. Literatura kurdua mendebaldera ireki zen urte horietan: Puxkin, Schiller, Byron eta batez ere Lamartineren itzulpenek ordura arteko giro poetikoa iraultzen dute.

Modernotasunerako jauzi horrek poesia tradiziotik urrundu zuen, baina batez ere edukiei dagokienez (egilearen barne munduak maitasunaren edo naturaren ikuspegia aberasten du), lehen aro batean molde klasikoak oraindik gorde baitira. 1930. urtearen bueltan Goran tradizioarekiko apurketaren ikur bilakatu zen: prosazko olerkiak, errimarik gabekoak, eta doinu sozial eta militante garbia zuen. Garbizaletasun aroa ere izan zen. Denborarekin, idazleek beste genero batzuek jorratzeko beharra sentitzen dute, gizarte, emakume edo familiaren auziak ukitu ahal izateko.

Ildo horretan, Ibrahim Ahmed-ek 1959an Körawarî (Miseria) ipuin bilduma errealista argitaratu zuen, eta 1973an, Janî Gal (Herriaren oinazea).



Turkian, ordea, kurdu gehien duen herrialdean, egoera oso ezberdina da. 1923tik kurduera debekatua egon da. 1950-1971 bitartean ahozko erabilera onartu zen, baina ondorengo estatu kolpeek egoera larritu zuten atzera ere. Idazle askok orduan erbesterako bidea hautatu zuten. Suedian kurdu kolonia handia ezarri zen, autoritateek babestua (hamar urtean berrehun bat liburu plazaratzea ahalbidetuz). Bertatik kurdueraz idazten aritu dira, besteak beste, Mehmed Uzun bera, Emin Bozarslan, Lokman Polat edo Mahmut Baksi.


Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©atelim.com 2016
rəhbərliyinə müraciət