Ana səhifə

Egilea: alberto ruiz


Yüklə 4.08 Mb.
səhifə1/6
tarix25.06.2016
ölçüsü4.08 Mb.
  1   2   3   4   5   6
LURRAREN ETA INGURUMENAREN ZIENTZIAK
IRAKASGAIARAKO
ZENBAIT JARDUERA OSAGARRI


EGILEA: ALBERTO RUIZ

BATXILERGOA

R400


IRALE-Dolaretxe

SARRERA

Ikasleek burutzeko jarduera multzo hau, Batxilergoko Lur eta ingurumen zientziak irakasgaian lantzeko pentsatu da. Lan honetan aurkeztu ditugun jarduera gehienak praktikoak dira, baina, zer esanik ez, irakasgaian lantzen diren kontzeptuak ezagutu behar dituzte ikasleek praktikara eraman aurretik. Horretarako, J. Marañonek eta bestek 2004an egin zuten Lur eta ingurumen zientziak CD-ROMean (Lur eta ingurumen zientziak irakasgai honetarako euskaraz argitaratuta dagoen material bakarrean, hain zuzen ere) topa ditzakete kontzeptu gehienak. Areagoko informazioa behar izanez gero, edo kontzeptu berriak behar izanez gero, jardueretan bertan adieraziko da non bilatu behar duten.


Helburua hau da: ikasleek bizitza normalean hautematen dituzten egoeretan aplikatzea irakasgaian ikasi dituzten kontzeptuak, egoera horiek azaltzeko gai izan daitezen. Jarduerak abiarazteko, beraz, inguruko egoerak erabiliko dira, ahal den heinean; horrela, hurbildu egiten zaizkie ikasleei arazoak, interesa piztu nahian.
Jarduerotan, batez ere, burua –adimena– erabiltzea eskatuko da: logika erabili beharko dute ikasleek planteatzen zaizkien arazoak ebazteko. Jarduerak, batzuetan, zailak izan daitezke; kasu horietan, “Kontuan hartzekoa” atala gaineratu dugu: atal horretan, bestelako informazio batzuk topatuko dituzte ikasleek jarduera burutzeko.

Gai guztietan eredu berbera erabiliko da: lehenengoz, sarrera, gaiaren materiala edo burutu behar duten lana ahal den erakargarrien aurkezteko; bigarrenez, jarduerekin lortu nahi ditugun helburuak zein diren azalduko ditugu; hirugarrenez, behar izanez gero, zenbait talde eginez lan-banaketa proposatu ere bai; amaitzeko, talde bakoitzak egin beharreko jarduerak zehaztuko ditugu.


Hasiera batean, Lur eta ingurumen zientziak irakasgaia lantzeko INGURUGELA-CEIDAk (Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako ikastegiak) argitaratutako CD ROMean proposatzen diren unitate berberak aukeratu ditugu. Beraz, hauek jorratuko ditugu:


  1. Ingurumena eta gizadia.

  2. Atmosferaren eta hidrosferaren dinamika.

  3. Uraren eta airearen kutsadura.

  4. Geosferaren dinamika.

  5. Baliabide energetiko eta mineralak.

  6. Arrisku geologikoak.

  7. Interfaseak: lurzorua eta itsasaldea.

  8. Higadura eta basamortutzea.

  9. Biosfera eta haren dinamika.

  10. Gure altxorrik hoberena: biodibertsitatea.

  11. Elikatzeko baliabideak.

  12. Paisaia.

  13. Arazo globalak: kutsadura atmosferikoaren ondorioak.

  14. Ingurumena eta garapena.

  15. Jarduera ekonomikoak gure ingurumenean izan ditzakeen inpaktuen azterketa.



Oharra: Dena dela, 13. eta 15. unitateak ez ditugu lan honetan jorratuko: 13. unitatea jorratzeko jarduerak 3. unitatean txertatuko ditugu; eta, 15. gaia oso espezifikoa denez, uste dugu nahikoa landuta dagoela CD ROMean proposatzen diren jarduerekin.

1. UNITATEA: INGURUMENA ETA GIZADIA
Sarrera

Gai honetan, bi alderdi jorratuko ditugu: batetik, nola sortu zen eta nola garatu zen Lurra; eta, bestetik, nola sortu zen eta nola garatu zen gizakia, eta zer eragin izan duen ingurumenean.

Sinistu behar ditugu antzinako (Lurra sortu zenean edo gizakiak agertu zirenean) garaiei buruz kontatu dizkiguten istorio guztiak? Ala dudatan jar ditzakegu, eta pentsatu ipuin hutsak baino ez direla?

Ez daukazuela oraingoz inolako irizpiderik istoriook onartzeko edo ezeztatzeko? Bai, egia izan liteke hori, baina zuek guztiok baduzue oso tresna indartsua: burua. Izugarrizko gol politak sartzeko edo kapela dotoreak eramateko bakarrik ez; beste gauza baterako ere bada baliagarria burua: pentsatzeko.

Erabili dezagun, bada, eta ea zer lortzen dugun!

Ez beldurtu, ez da-eta horren zaila, nahiz eta batzuetan –askotan, esan genezake– ez zaigun gustatuko burua erabiltzean topatuko duguna.



Helburuak

  1. Lurraren eta gizakiaren historiari buruz pentsatzea.

  2. Txosten bat idaztea (hobeto aurkezpen bat, power pointa erabilita).

  3. Ikaskideen aurrean aurkeztea (aurkezteko saioa 10 minutu ingurukoa izango da).


Lan-banaketa

Lan hau betetzeko, taldeak egin ditzakezue, guztiok parte hartzeko eta inork ez hanka egiteko edo eskakeatzeko. Hiru talde izango dira, eta bakoitzak bere eginkizuna izango du:



1. taldeak (denboralariak) erabaki behar du nola jokatu behar den datazio bat egiteko; horretarako, zehaztu behar du aztarnak zein izan daitezkeen, non topatu daitezkeen...

2. taldea (ikerlariak) saiatuko da aztarna horiek guztiak interpretatzen eta datuokin segida kronologikoa eratzen.

3. taldeak (pentsalariak), beste bi taldeek pasatutako informazio guztiarekin egindako lana osatu, eta ikaskide guztien aurrean aurkeztuko du.
Talde bakoitzaren jarduerak
1. taldearen jarduerak (denboralariak)

  1. jarduera: Irakurri CD-ROMean 1. gai honi buruzko informazioa, batez ere 13.-43. orrialdeak. Ondoren, zehaztu behar duzue zer aztarna erabil ditzakegun gizakion historia eta Lurrarena osatzeko.


Kontuan hartzekoa:

Begiratu zure inguruan dauden gauzei eta pentsatu: Izan daiteke haietakoren bat Lurra sortu zeneko garaikoa edo lehen gizakiak agertu zirenekoa? Zergatik?




  1. jarduera: Garai hartako aztarnarik egonez gero, non topatuko zenukete? Izango genuke egutegi bat bezalako zerbait?

Kontuan hartzekoa: CD-ROMean duzuen informazioa irakurrita, ez duzue inolako arazorik izango hori jakiteko. Baina, behar baduzue, irakurri testu hau eta bertan planteatzen diren galderak:

Pentsatu kutxa bat duzuela etxean eta bertan uzten dituzuela erabilitako liburuak behin ikasturtea amaitu eta gero. Non egongo dira Lehen Hezkuntzako 1. mailako liburuak? Eta 4. mailakoak? Eta DBHko 3.ekoak? Eta Batxilergoko 1. mailakoak?

Galdera horiei guztiei erantzun egokia ematen badiezue, ondorio honetara helduko zarete: kronologia erlatiboki markatuta dugula.

Kanpo-geologiako prozesuetan, amaieran sortzen dira harriak. Baina hori gertatu baino lehen, materiala metatua izan da, pixkanaka-pixkanaka, denbora askoan. Harri horietan, badago jakiterik zein diren materialik zaharrenak? Hala bada, denbora erlatiboko graduazio bat egin daiteke.


  1. jarduera: Atmosferaren konposizioa aldatu egin da denboran zehar. Topa dezakezue horren aztarnarik edo frogarik? Zein?


Kontuan hartzekoa: Mineralen kolorea aldatu egin daiteke inguruko baldintzen arabera. Esaterako, burdina daukaten mineraletan gertatzen da kolorea aldatzearen kontu hau: hala, hasieran siderita (arrea) den harria hematite (gorrixka) bihurtzen da oxigenoarekin erreakzionatutakoan, eta azkenean limonita (horia) bihurtzen da beste erreakzio kimiko batzuen eraginpean. Antzeko prozesua gertatuko zaio burdinazko iltze bati aire zabalean uzten badugu: euriaren eta atmosferaren eraginez, iltzea herdoildu eta gorritu egingo dela nabarituko dugu.

Lurraren garapenaren lehen faseetan, ez zegoen oxigenorik. Garai hartan, behin Lurra solidotu eta gero, baziren martxan kanpo-geologiako prozesuak. Baina, denbora aurrera joan ahala, lehen bakterio fotosintetizatzaileak agertu ziren, eta oxigenoa metatzen joan zen gure atmosferan haien ondorioz.



Prozesu horiek guztiak gertatu zireneko harriak topatzea oso zaila da, baina Coloradoren Arroila Handian badago behetik gorako sedimentuek egindako harri-multzoa. Beheko harriak, antzinako garai hartako sedimentuek eratu zituzten; goikoak, aldiz, askoz modernoagoak dira.
4. jarduera: Geruza gorrixka bat egonez gero, nola ziurta dezakezue kolore gorri hori ez dela gure garai hauetan sortu?
Kontuan hartzekoa: Harrien barruko aldeak ez dira sekula kontaktuan egon oxigenoarekin.
2. taldearen jarduerak (ikerlariak)


  1. jarduera: Fosilen bidez, datazio erlatiboa lor dezakegu. Bilatu Interneten datazio absolutua egiteko metodologia, eta prestatu aurkezpen bat, orrialde erdi batekoa edo, 3. taldekoek metodoa zein den ikaskideen aurrean aurkez dezaten. Zer elementu kimiko erabiliko zenukete Lurraren historia datatzeko? Eta gizakiarena?


Kontuan hartzekoa: Elementu erradioaktiboek galdu egiten dute erradioaktibitatea denbora pasatu ahala. Zenbat eta denbora gehiago pasatu, hainbat eta erradioaktibitate gutxiago dago.


  1. jarduera: 1. taldekoek erabaki dute Lurraren lehen garaietan ez zegoela oxigenorik; orduan, zer motatakoak izan ziren lehen izakiak?




  1. jarduera: Fosilen datazioa logikoa da, baina egon liteke posibilitateren bat logikotasun hori apurtzeko eta datazioa hankaz gora jartzeko?


Kontuan hartzekoa: pentsatu zer prozesu gerta daitezkeen failetan (CD-ROMeko 4. gaia, 15.-16. orrialdeak).


  1. jarduera: Plaka litosferikoak orain dauden lekuetan egon dira beti, ala mugitu dira eta segitzen dute mugitzen oraindik?


Kontuan hartzekoa: Barne-geologiako prozesuetan sortutako tenperatura oso altuek material guztiak galdatzen dituzte, eta harri berriak eratzen dira materialok berriz hoztutakoan. Magma horietan metal-molekulak badaude, mementoko eremu magnetikoaren arabera orientatuko dira. Magma solidotzen bada, eta hala gertatuz harria osatzen bada, betiko geratuko dira orientatuta dituen metal-molekulak, nahiz eta eremu magnetikoa aldatu.
3. taldearen jarduerak (pentsalariak)



  1. jarduera: Gizakia, lehenengo faseetan, biltzailea eta ehiztaria izan zen; milaka urte pasatu eta gero, nekazari eta abeltzain bihurtu zen; eta, azkenik, Industria Iraultzarekin, fabriketako langile. Deskribatu garai bakoitzean ingurumenarekin izan duen erlazioa bi alderdi hauei erreparatuta: ingurumenarekiko menpekotasuna eta ingurumenak jasan izan dituen aldaketak (inpaktuak).




  1. jarduera: Zein izango da gizartearen etorkizuna? Pentsatu eta garatu folio erdi batean.




  1. jarduera: Egin duzuen etorkizunaren aurreikuspena gustatu ezean, zer aldatuko zenukete gizakion jokabideetan etorkizuna hobea izan dadin?


Kontuan hartzekoa:

Hona hemen Xabier Aranak idatzitako bi artikulutatik atera, moldatu eta euskaratu ditugun zati batzuk (X. Arana Eiguren, “De las grandes palabras a la actuación cotidiana (I)” eta “La contribución de las personas a un entorno y futuro mejor (y II), Bizkaia maitea, 2007ko udaberria eta 2007ko uda):


“[...] Garapen jasangarria entzuten dugunean, pentsatu behar dugu pertsonen –eta pertsonok osatzen duten komunitateen– baldintzak (sozialak, ingurumenari lotuak, ekonomikoak…) hobetzearekin zerikusia duen zerbait dela.

Garapenaz ari garenean, ekonomia ez da gai bakarra; era berean, jasangarria aipatzen dugunean, ingurumena ez da aintzat hartu behar dugun arlo bakarra. Dena nahasturik osotasun batean bezala jarri ezean, ezin izango dugu lortu ez ongizatea, ez bizikidetza eta ez aurrerapena. Aldiz, geure jomugak gure ingurune geografikora eta gure belaunaldira bakarrik mugatzen baditugu, beste gizarte batzuekin eta datozen belaunaldiekin elkartasunik gabekoak izatetik aparte, geure burua engainatzen ari gara, geure buruari egia ukatzen...”.
“[...] Agenda 21 norberak prestatu, antolatu eta pertsonalizatu behar du. Beraz, zure txanda da. Orain, zeure erritmoan eta zeure erara erabiliko duzu. Guk zenbait ideia erraz emango dizkizugu hemen, etorkizunean erosoagoa, osasungarria eta atsegina izatea nahi dugun ingurune horretan jarduten hasteko [...]
[Hona ideia horietako batzuk:]


  • Ez xahutu natura-baliabideak, eta zure dirua ere ez.

  • Kontsumitu elikagai freskoak, tokian tokikoak eta kalitate onekoak.

  • Saia zaitez zure erosketetan hondakin artifizialak gutxitzen.

  • Partekatu zure jakinduria, denbora, elkartasuna eta irribarrea.

  • Ez bota komunetik edo harraskatik jakiak frijitzeko erabilitako olioa.

  • Zure helmugara oinez edo bizikletaz iristerik ez baduzu, erabili garraio publikoa.

  • Ezagutu zure inguruko gune naturalak eta espezie babestuak.

  • Deskubritu natura, baina suntsitu gabe.

  • Besteontzat erreferentea eta aholku-iturria zara...”.

Helbide interesgarriak:

www.ingurumena.net

www.bizkaia.net

www.vidasostenible.org

www.bancodeltiempo.org
Baliabideak (goian aipatu ditugun bi aldizkariak):

http://www.bizkaia.net/Ingurugiroa_Lurraldea/Bizkaia_Maitea/UDABERRIA2007/BIZKAIA_MAITEA_PRV_07_14.pdf

http://www.bizkaia.net/Ingurugiroa_Lurraldea/Bizkaia_Maitea/Uda2007/BIZKAIA_MAITEA_VERANO_07_13.pdf


  1. jarduera: Hiru taldeek egindako lanak erabiliz, egin gizakiaren eta Lurraren sorrerari eta garapenari buruzko aurkezpena taldearen aurrean. Aurkezpenean, honako eskema hau erabiliko duzue:

  1. Lurraren eta gizakiaren historiak eraikitzeko aztarnarik garrantzizkoenak

  2. Fosilak zer diren

  3. Datazio-metodoak: absolutua eta erlatiboa

  4. Zer adierazten diguten aztarnek:

    1. Lurraren kasuan

    2. Gizakiaren kasuan

  5. Zein izango den gure etorkizuna (eta gurearekin batera, Lurrarena)



2. UNITATEA: ATMOSFERAREN ETA HIDROSFERAREN DINAMIKA

  1   2   3   4   5   6


Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©atelim.com 2016
rəhbərliyinə müraciət